Elizabeth Kortright Monroe | lehen dama

Lehen dama

8 urtez izan zen lehen dama AEBtan, 1817ko martxoaren 4tik 1825eko martxoaren 4ra, baina ez zaigu garai horretako datu asko iritsi, ez gutunik, ezta berak sinatutako dokumenturik ere. James Monroek berak erosi zuen berritzen ari ziren Etxe Zurirako mobiliarioa eta ez emazteak.

Afariak antolatu zituenean, ingeles erara zerbitzatzeko agindua eman ohi zuen, zerbitzari bat gonbidatu bakoitzarentzat. Hala ere, eremu pribatuan, Monroe sendiak frantsesez hitz egin ohi zuen eta beste mundu bat ematen zuen hark. Protokolo gutxiago ezarri zuen bere egitekotan, baina arreta berezia eman zien epaile edo legebiltzarreko kideen edo atzerritar diplomatikoen emazteen bisitei eta Botere Exekutiboaren ekintza kontsideratu zuen hori.

1817ko abenduaren 29an, Monroe lehendakariak kabinetea bildu zuen Etxe Zuriko arau berriak esplikatuz. Elizabeth Monroek tinko eutsi zion bere usteei eta 1818ko urtarrilaren 22an, lehen damaren presentzia beharrezkoa zela ezarri nahi izan zuenean, Estatuko Idazkariaren emaztea zen Louisa Adams bere alde izan zuen.

1819an, Monroetarrek Washington utzi eta Independentziaren Eguna Virginiako etxean ospatzea erabaki zuten. Hainbat hiritarrentzat iraina izan zen eta Elizabeth Monroeren protokoloek haserrea piztu zuten, Washingtongo administrazioan egin ziren beste harrera ekintzak boikoteatzen hasi zirelarik[4]. Seigarren lehen dama izango zen Louisa Adamsek ere antzeko gizarte politika ezarri zuen eta haren harrerek ere boikota jaso zuten -Londresen jaioa zen andre hau atzerrian jaiotako AEBtako lehen dama bakarra zen Melania Trump iritsi arte-. Azkenean, Monroe presidenteak bigarren bilera bat antolatu zuen kabinetean 1819ko abenduaren 20an eta botere exekutiboak arauak onartu behar zituen heinean, estatuko beste botereek eta haien familiak, lehendakariordeak eta kabineteko gainontzeko kideek nahi eran antola zezaketela bere gizarte politika propioak erabaki zuten.

Monroetarren bigarren agintaldian, Elizabethen egiteko era onartuta zegoen, jada, eta gonbidatuak Etxe Zurira itzuli ziren. Lehen damaren egitekoak emendatzen hasi ziren, pixkanaka, eta 1824ko Lafayette markesari egindako harrera bereziki garrantzitsua izan zen.

Elizabeth Monroek egiten zituen agerraldietan, alai eta arduratsu agertu ohi zen, baina beti zituen familiako emakumeak lagun. Etxe Zuriak ez zuen Elizabeth Monroeren osasunari buruzko argibiderik eman, baina the falling sickness zuela esaten zuten eta, gaur epilepsia zela uste bada ere, lehen dama burutik sano ote zegoen zurrumurruak zabaldu ziren garai hartan.

Other Languages
azərbaycanca: Elizabet Monro
беларуская: Элізабет Манро
беларуская (тарашкевіца)‎: Элізабэт Манро
français: Elizabeth Monroe
Bahasa Indonesia: Elizabeth Kortright Monroe
Bahasa Melayu: Elizabeth Monroe
português: Elizabeth Monroe
srpskohrvatski / српскохрватски: Elizabeth Monroe
Simple English: Elizabeth Monroe