Trans-Antartika Espedizio Inperiala

Endurance ontzia bere haize-oihal guztiak zabalik dituela ( 1915 urte inguruan).
Endurance, James Caird eta Aurora ontziek burututako itsas bidaia, Ross itsasoko taldearen lurreko hornidura ezartzeko ibilbidea eta Weddell itsasoko taldeak lurretik gauzatzea planeatuta zuen ibilbidea, guzti hauek Ernest Shackleton buru zuten 1915-1914ko Trans-Antartika Espedizioa Inperiala osatzen zuten:      Endurance ontziaren bidaia      Endurance ontzia izotzetan eta nora ezean      Endurance ontziaren hondoratzearen ondoren izotz blokearen gainean kanpatuta egon zirenen nora ezea       James Caird txaluparen bidaia      Aurreikusitako ibilbide trans-antartika      Antartikarako Aurora ontziaren bidaia      Aurora ontziaren atzerakada      Horniketa ibilbidea
« Men wanted for hazardous journey. Small wages. Bitter cold. Long months of complete darkness.
Constant danger. Safe return doubtful. Honour and recognition in case of success.

Bidaia arriskutsurako gizonak behar dira. Soldata eskasak. Sekulako hotza. Hilabete luzeak erabateko ilunpean. Etengabeko arriskua. Onik itzultzea, zalantzagarria. Ohorea eta aintza, arrakasta izanez gero.
 »
Ustez, Shackletonek 1914ko Trans-Antartika Espedizio Inperialaren eskifaia osatzeko boluntario eske The Times egunkarian argitaratutako iragarki ospetsua.

Trans-Antartika Espedizio Inperiala ( 1914- 1917), Endurance Espedizioa izenaz ere ezaguna, Antartikako Heroi Aroko Esplorazioaren azken espedizio garrantzitsua izan zen. Sir Ernest Shackleton buruzagi eta diseinatzaile izan zen eta Antartika alderik alde zeharkatzeko helburua zuen. 1911n Roald Amundsen norvegiarra Hego Polora iritsi ondoren, Shackeltonek zioenez, Antartikarako bidaien helburu nagusi bakarra [1] kontinentea zeharkatzea zen. Bidaia horren distantzia 2.900 kilometrokoa zen, eta ibilbidearen erdia, hots, Weddell itsasoaren eta Hego Poloaren artekoa, artean esploratzeke zegoen. Ezin izan zuten helburua bete, baina heroi epika eta biziraupen istorio modura gogoratzen da.

Shackleton 1901 eta 1904 bitartean Scott kapitainaren Discovery Espedizioko kide gisa Antartikan egona zen, eta 1907 eta 1909 artean Nimrod Espedizioko buru izan zen. Espedizio berri honek, alde batetik, 78°H latitude inguruan zegoen Weddell itsasoan zehar nabigatuko zuen eskifaia behar zuen, hau Hego Poloa igaroz Ross itsasorako norabidean joango zen martxa kontinentean zeharrerako prestaketa izango zen. Paraleloki, laguntza-talde batek, Ross itsasoko taldeak, kontinentearen beste aldera bidaiatuko zuen, McMurdo itsasartean akanpalekua ezarri, eta handik Beardmore glaziarraren oinetan zegoen Rosseko izotz-hesian zehar hainbat hornigai-depositu prest utziko zituen. Biltegi hauek talde kontinentean zeharrekoaren biziraupenerako oinarrizkoak ziren, taldeak berez berarekin bat ibilbide osoa burutzeko behar hainbat hornigai ez baitzeramatzan. Espedizioa bi ontziz osatuta zegoen: bata Endurance ontzia, zeinak Shackletonen taldea Weddell itsasora garraiatuko baitzuen, eta bestea Aurora, Aeneas Mackintosh kapitainaren agintepekoa; horrek taldea Ross itsasotik McMurdo itsasartera eramango zuen.

Endurance ontzia Vahsel badiara iritsi aurretik Weddell itsasoko izotzetan harrapatuta gelditu zen, eta nahiz eta ontzia askatzeko saiakera ugari egin, 1915eko neguan ontzia izotz bloke batean sarturik noraezean ibili zen. Azkenik, ontzia, izotzak zanpaturik, bertan behera hondoratu zen eta, halatan, eskifaia osatzen zuten 28 gizonak izotzetan gelditu ziren. Gizon hauek hainbat froga latzi aurre egin behar izan zieten: hilabete luzez osatutako itxaronaldia izotz gaineko kanpaleku inprobisatuetan, Elefante uhartera joateko txalupan egindako bidaia, James Caird txalupa irekian burututako 1.300 kilometroko bigarren bidaia bat, eta Hegoaldeko Georgiako mendilerroak zeharkatzea, azkenik, inor hil gabe erreskatatuak izan ziren arte. Bitartean, Ross itsasoko taldeak bere misioa betetzeko zailtasun handiak garaitu behar izan zituen, gehienbat haize zurrunbilo batek Aurora ontzia bere loturetatik askatu eta ezin itzulirik gelditu zenean. Hornigai-biltegiak aurreikusirik zegoen bezala instalatuak izan ziren, baina eginkizun honek berarekin hiru bizitza eraman zituen.

Prestaketak

James Wordie.

Hastapenak

« Nire aitak ez zuen inoiz bere semeetako bat bakarrarekin ere espedizio hari buruz hitz egin, noizbehinka esaldiren batek ihes egiten zion, baina bizi izan zen artean inoiz ez zizkigun bere egunkariak irakurtzen utzi, giltzapean zeuzkan.  »
Peter Wordie, James Wordieren semea. [2]
« Nire aitak ez zuen inoiz hitz egiten, gaizki igaro zuela esan ohi zuen, gu txikiak ginen, bera entzuteko txikiegiak, baina horretaz gain behin ere ez nion horri buruz gehiegi hitz egiten entzun.  »
Mary Crean O'Brien, Tom Creanen alaba. [3]

Shackleton bere 1909ko Nimrod espediziotik itzuli ondoren egonezinean eta helburu gehiegirik gabe bizi zen, nahiz eta 88°23'H latitude hegoaldekoenaren mugarrira iritsi izanaren ondorioz jendearen onespena bereganatu izan. Sir Harry Brittain britainiar eskiatzailearen hitzetan "nahiko jaun sakabanatua" bilakatu omen zen. [4] Orain Antartikako bere etorkizuneko ekintzen izaera Terra Nova espedizioko Scotten arrakastan oinarritzen zen. Espedizio hau 1910eko uztailean Cardiff hiritik abiatu zen.

1913ko martxoaren 11ko Amudsenen ezusteko Hego Poloaren konkistaren albistearekin, Hego Poloak helburu izateari laga zion. Shackletonek hau idatzi zuen:

« Hego Poloaren aurkikuntza ez da Antartikako esplorazioen amaiera izango [5]  »
Ernest Shackelton

Hurrengo ekintza, zioenez, "poloa zeharkatuz itsaso batetik bestera zihoan bidaia kontinentean zeharrekoa litzateke". [6] Betebehar hau berak burutu beharrekoa ote zen ez zegoen ziur, hautagai asko baitzeuden. 1911ko abenduaren 11n Wilhelm Filchner gidaritzapeko alemaniar espedizio batek Hegoaldeko Georgiatik Weddell itsasoan barneratzeko asmoz nabigatu zuen, hegoaldean kanpaleku bat ezarri eta handik kontinentea zeharkatuz Ross itsasora joan. [7] 1912. urte amaieran, Filchnerrek kanpaleku bat ezartzeko saialdian huts egin zuenez Hegoaldeko Georgiatik erretiratu zen. Halere, Shackeltonek aurretik Filchnerrek Vahsel badian 78º latitude inguruan aurkitu zituen ustezko lurrartze puntuak hauek jaso eta bere espediziorako planetara gehitu zituen. [8]

Hegoaldeko Poloko itzuleran Scott kapitaina eta bere kideen inguruko albiste latzen ondorioz, Shackleton bere espedizio kontinentean zeharrekoaren inguruko prestaketei ekin zien. Finantzaketa eta diru laguntzak eskatzen hasi zen, besteen artean Scotten espedizioko Tryggve Gran zenari, edota Lord Rosebery ministro ohiari, hauek euren interes gutxi erakutsi zutelarik. Gran bihozbera izan zen, Rosebery zorrotza:

« Behin ere ez naiz txanpon bat bera ere Poloetan xahutzeko prest egon [9]  »
Lord Rosebery

1902- 1904 arteko Eskoziar Antartikako Espedizio Nazionalaren buru zen William Speirs Brucengandik babes handiagoa jaso zuen, honek 1908an Antartika zeharkatzeko planak ere bazituen, baina diru laguntza faltagatik bertan bera utzi behar izan zituen. Brucek pozik hartu zuen Shackletonek bere planak hartu izanak, [10] nahiz eta azkenik Shackletonek iragarri zuen plana motza zela iruditu. 1913ko abenduaren 29an, diru laguntza itzultzeko konpromisoa hartu ondoren, [11] bere iragarki ospetsua jendaurrean The Times egunkarian argitaratu zuen. [12]

Shackletonen plana

Shackletonek jendearen interesa pizte arren bere espedizioari "Trans-Antartika Espedizio Inperiala" izena eman eta 1914 urtearen hasierarako xehetasunez beteriko programa bat argitaratu zuen. Espedizioa bi talde eta bi ontziz osatuko zen. Weddell itsasoko taldeak Endurance ontzian bidaiatu eta Vahsel badiako eremuan ekingo zuen, han hamalau gizonek lurrartu eta haietako seik Shackletonen gidaritzapean kontinentean zeharreko taldea osatuko zuten: Shackleton, Hurley, Macklin, Wild, Marston eta Crean lirateke. [13] Talde honek, 100 txakur, eta "buruzagia eta bere aholkulari espezializatuen esperientziak iradokitzen zieten guztia zeraman" hornidura-multzoarekin batera Ross itsasora eramango zituzten 2.900 kilometroko ibilbideari ekingo zioten. Gainontzeko beste zortzi kideek zientzia lanak burutuko zituzten: hiru Graham lurraldera joango ziren, beste hiru Enderby Land eremura eta azken biak kanpaleku nagusian geldituko ziren.

Ross itsasoko taldeak Aurora ontzian bidaiatuko zuen. Ross itsasoko kanpaleku nagusira joango ziren, McMurdo itsasartean, kontinentearen aurkako aldean. Lurrartu ondoren, "kontinentean zeharreko taldeari bere hegoalderako ibilbidean laguntza emango zioten biltegiak instalatuko zituzten, eta geologia ikuskapenak ere burutuko zituzten". [14] Ross itsasoko taldearen papera berebizikoa zen; Shackletonen taldeak berarekin bat soilik Beardmore glaziarrera iristeko behar bezain beste hornigai eramango zituen. Azken 640 kilometroetatik Ross itsasora arte euren biziraupena aurretik Ross izotz hesian zehar erabakitako koordenatuetan ezarrita zeuden biltegien eraginpean zegoen.

Shackletonen programak ibilbidea 1914-1915eko lehenbiziko urtaroan zehar burutu behar zela era argian zehazten zuen. [15] Daily Chronicle egunkariko Ernest Perris kazetariaren arabera, beranduago egitasmo hau gauzatzeko ezintasuna ikusiko zen, eta Shackletonek Ross itsasoko taldearen buruzagitzan zegoen Mackintoshi horren berri eman beharko lekioke, mezu hau ez zen igorri izan, huts honek Ross itsasoko taldearen urtaro hartako betebeharra zaildu zuen. [16]

Finantzaketa

Shackletonek bere planaren bertsiorik sotilena aurrera ateratzeko 50.000 libera ( 2008 urteko 2,2 milioi libera) beharko zituela pentsatzen zuen. [17] Ez zuen jendea erakarri nahi: "Haiek" amaiezinezko buruhausteak sortzen dituzte". [18] Hautatutako finantzaketa metodoa babesle aberatsen diru laguntzak eskatzea izan zen. Prozesu honi 1913. urteko hasieran ekin zitzaion, hasieran arrakasta gutxirekin. [19] Lehenbiziko diru laguntza nabarmena 1913ko abenduan jazo zen, gobernuak 10.000 libera eskaini zituenean, kopuru oso erabilgarria, baina Shackletonek Nimrod espedizioko zorrak kitatzeko erabili zuen kopuruaren erdia adina bakarrik. [20] Ezer espero ez zuen Royal Geographical Society erakundetik 1.000 libera jaso zituen (Huntforden arabera, Shackletonek, keinu bikain baten bitartez, kopuru horren erdia bakarrik beharko zuela esan zuen). [21]

Denbora amaitu zen, eta azkenik diru laguntzak 1914ko udaberrian eta udaren hasieran zehar lortu ziren Birmingham Small Arms Company (BSA) erakundeko Dudley Dockerrek [22]10.000 libera eman zituen; Janet Stancomb-Wills tabakoaren ondorengo aberatsak kopuru "eskuzabal" bat eman zuen (kopurua ez zen ezagutzera eman), eta ekainean sir James Caird eskoziar enpresariak 24.000 libera eman zituen. Shackletonek Morning Post egunkarian hau baieztatu zuen: "Opari miragarri honek ezinegon guztiez askatzen nau". [23] Orain Shackletonek jarraitzeko dirua zuen. 11.600 liberekin [24] 300 tonatako Polaris izeneko ontzia eskuratu zuen, hau Adrien de Gerlache belgiar esploratzaileak Spitsbergenen espedizio baterako eraiki zuen. Proiektua bertan behera utzi zuten eta ontzia eskuragarria egotera iragan zen. [25] Shackletonek Endurance izenaz berrizendatu zuen, honela bere familiako "By endurance we conquer" ("Erresistentziaren bidez, konkistatzen dugu") leloa islatuz. [26] 3.200 liberagatik Aurora ontzia Ross itsasoko taldeak erabili zezan ere eskuratu zuen - Douglas Mawsonen espedizioan erabilia-, hau Hobart hiriko ontziolan ( Tasmania, Australia) eraikia izan zen.

Shackletonek eskuratutako kopuru osoa ezezaguna da, Stancomb-Wills erakundeak burututako diru laguntza ere ezezaguna baita. Halere, diruak, edota diru faltak, espedizioaren antolatzaileak obsesionatu egin zituen. [27] Ekonomia neurri gisa Ross itsasoko taldeari emandako funtsaren proportzioa erdira murriztua izan zen, eta talde honetako buruzagia zen Aeneas Mackintosh komandateak Australiara ailegatu eta ekintzan sartzeko unera arte ez zuen jakin ahal izan. [28] Mackintoshek tratuan aritu, eta dirua eta espedizioaren bere zatia gauzatzeko behar zituen hornidurak eskatu beharrean egon zen. [29] Diru faltak 1916an Ross itsasoko taldeak erreskatea behar zuenean honen zailtzea kausitu zuen. [30] Bere itzulera ondoren, Shackleton gastuak berreskuratzeko oso arin ibili zen. Espedizioko istorioaren erabateko eskubideak Daily Chronicle egunkariari saldu zizkion, eta espedizioari buruzko filmaren irudi eskubideak aprobetxatzeko Imperial Trans Antarctic Film Syndicate elkartea sortu zuen. [31] [32]

Other Languages