Tatiana Troyanos

Tatiana Troyanos
Bizitza
JaiotzaNew York1938ko irailaren 12a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaNew York1993ko abuztuaren 21a (54 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: bularreko minbizia
Hezkuntza
HeziketaJuilliard School
Jarduerak
Jarduerakmusikaria, abeslaria eta opera abeslaria
Ahots motamezzosopranoa
IMDbnm0873929

Tatiana Troyanos (New York, 1938ko irailaren 12a - ibidem, 1993ko abuztuaren 21a) estatubatuar mezzo-sopranoa izan zen. Ikasketak New Yorkeko Juilliard Musika Eskolan egin zituen, eta han, Hans Heinzerekin lan egin zuen. 1963an New York City Operan egin zuen debuta, Brittenen Udako gau bateko ametsa laneko Hipolita paperean. Bi urtez aritu zen opera horretan kantatzen. Ondoren, Rolf Liebermannek Hanburgoko Operara deitu zuen, eta hamar urtez bertako abeslari nagusietako bat izan zen (1965-1975). Lehenengo lana Preziosilla izan zuen (Patuaren indarra), 1965ean. Handik urtebetera, Aix-en-Provenceko Jaialdian egin zuen debuta. 1967an izugarrizko arrakasta izan zuen Montrealeko Operan, Erakusketa Unibertsala zela-eta. Handik urtebetera, Berliozen Margarita papera egin zuen, Marseilleko Operan. 1969an Municheko Operara gonbidatu zuten Carmen egitera. Pendereckiren Louduneko deabruak lanean parte hartu zuen, Hanburgon (1969). Hiri horretan bertan, beste hainbat lan egin zituen, Così fan tutte, Tannhäuser, Aida, besteak beste. 1969an, Londresko Covent Gardenen egin zuen debuta, eta baita Salzburgoko Jaialdian ere. 1971n, Chicagoko Opera lirikoan eta Washingtonekoan kantatu zuen; 1976an, New Yorkeko Metropolitan Opera Housen; 1977an, Parisko Operan eta Milango La Scalan. Meten berrehun emanaldi eman zituen, 1990eko hamarraldiaren hasiera arte, eta era askotako paperak kantatu zituen: Carmen, Santuzza, Ameris, Eboli, Poppee, Venus, la comtesse Geschwitz (Lulu), Orlovsky (Saguzarra), Cassandre (Troiarrak, 1983), Brangäne (Tristan eta Isolda, 1984), Kundry (Parsifal), Giulietta (Hoffmannen ipuinak, 1987), Dorabella (1990)... Minbiziak jota hil zen.

  • erreferentziak

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Open Data Euskadi webgunean.


Other Languages