Pottoka

Artikulu hau zaldi arrazari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pottoka (argipen)».
Pottoka
Zaldi arraza
Pootok arra Orbelaunen.JPG
EspezieaEquus ferus caballus
Jatorria Euskal Herria
SinonimoakPottok, Euskal Ponia, Ordunteko zaldia
ZAPE elkarteko pottokak
pottoka moxalak
Tarpanen marrazkiak Lascauxeko harpean

Pottoka Euskal Herriko berezko eta bertako poni motako zaldia da[1]. Bere ezaugarriengatik, Europako gertuko beste hainbat zaldi txiki arrazen kasuan bezala, ponien sailkapen taldean sartzen da.

Landa eremu latzenetara ondo egokitutako abere indartsua izaki, pottoka milurtekoetan zehar Euskal Herriko mendi zein basoetara moldatutako zaldia da. Bere jatorria oso aspaldian kokatzen da. Azken Izotz Aroa eta gero, Mendebaldeko Europan eta zehazki gure inguruan iraun zuten basa ponietan, hain zuzen. Poni hauen arbasoen hainbat marrazki Euskal Herrian zein gure inguruetan ugaria den labar-artean agertzen dira, haien artean Ekaingo harpean dauden zaldi marrazkiak bikainenak izanik. Dena den pottokaren jatorriaren inguruko eztabaidak dirau, Europako beste hainbat poni arraza zaharren kasuan bezala.

Euskal ponia antzinatik Euskal Herriko ohitura, kondaira eta mitoetan nabarmena izan da. Euskal Herriko mendietan libre bizi izan den aberea da bestalde[2], negu gorrian ukuilua zapaldu gabe irauteko gai dena. Askotan pottoka jabeek beraien animaliak harrapatzeko benetako uxaldiak antolatu behar izaten zituzten abere zeharo basatiak zirelako[3]. Ez dakigu noiz desagertu ziren benetan basatiak ziren azken euskal poniak, baina badakigu erromatarren garaietan zaldi talde ugari libre zebilela Iberiar penintsulako iparralde guztian barrena. Halaxe aipatzen baitira erromatar testuetan.

Badago euskal esaera zahar bat zera esaten duena pottoken basatasuna azpimarratuz: "Pottokak mendian ez dira heziak". Jose Migel Barandiaranek garrantzi handia eman zion zaldiari eta Euskal Herrian berezko arraza den pottokari euskal kultura, mitologia eta folkloreari buruzko bere ikerketan.

Zaldi honen ezaugarri orokorrei dagokienez, ondo osatutako aberea da, neurri ertain eta proportzionatuak ditu eta gorputz gihartsu eta sendoa. Izakeraz berriz azkarrak, eta bezatuz gero jabearekiko leialak eta oso gogorrak dira. Baron zooteknistaren araberako sailkapenean pottokak soslai zapalaren ezaugarriak ditu, baina soslai artezagoaren eta ganbilaren hainbat eraginekin.

Samaldek mendian egoera basatian dauden zaldien ohitur berberak dauzkate. Taldean behor nagusi bat dago, behor "Alfa" delakoa, samaldako zaldiarekin batera hierarkian aurrenekoa dena eta beste behorrak gobernatzen dituena[4].

Adituek pottoka zelta poniak delako taldean sailkatzen dute. Bertan, besteak beste, Asturiasko asturkoi zaldia dago, Ingalaterrako hego aldeko Dartmoor poniak, Exmoor poni eta New Forest poni arrazak, Galiziako zaldia edo "Faco galegoa", Portugaleko garrano zaldia, Irlandako Connemarako ponia zein Eskoziako Shetland poniarekin batera. Europako beste zenbait poni arraza kokatzen dira baita ere zelta ponien multzo honetan.

Euskal Herrian bertako beste hainbat zaldi arraza egon arren, gehienek pottoka arbasotzat daukate, eta bertako pottokak kanpoko arrazekin nahastearenn ondorioz sortu ziren. Salbuespenak Ordunteko behorra (Lausako zaldia ere deitua) eta zaldi montxinoa lirateke. Azken bi hauek ere antzinako arrazak direlako, genetikoki eta morfologikoki pottokatik nahiko hurbil daude biak. Zenbait adituek Nafar behoka delako arraza ere nahastu gabeko antzinako arrazatzat jotzen dute.Dena den, pottoka, Euskal Herriko mendiko zaldia, Nafar behoka eta Aurizko zaldiarekin egindako azterkena genetiko batean, hiru markatzaile genetiko erabiliz, demostraturik geratu zen pottoka dela kanpoko arrazen eragin txikien jaso duen bertako zaldi arraza. Losino eta montxino zaldiak kontutan hartu gabe.[5]. Kanpoko arrazekiko nahasketa handiena jaso duena Auritzeko zaldia da, gero Euskal Herriko mendiko zaldia eta ondoren nafar behoka. Azkena pottoka da.

Ordunteko behorren kasuan, arraza hau pottokaren oso antzekoa da, zelta poni ere bada, euskal ponia baino apur bat handiagoa izanik. Gainera bi arrazen banaketa eremua Ordunteko mendilerroan bertan gainezartzen da. Kontutan hartu behar da abereen elikadurak ere eragina duela tamainan eta oro har Ordunteko behorrak, lautzako zaldiak deituak baita ere, pottokak baina larre hobeagoetan bazkaltzen ohi direla. Egun Lausako edo losino arrazak Burgosko ipar aldean bakarrik irauten badu ere, duela gutxi arte Arabako Gaubea haranera zein Aiara aldera ere zabaltzen omen zen. Baliteke oraindik aleren bat geratzea euskal eskualde hauetan. Arraza honen ipar-ekialdeko gunean, bi arraza historikoki lotu diren gunean hain zuzen, pottokaren eragin nabarmena jaso du.

Pottoka arrazak gutxitze eta nahasketa prozesu etengabea nozitu du aspalditik, ia galtzeraino. Azken urtetan ordea, Euskal Herriko zenbait tokitan arraza babesteko eta jatorrizko ezaugarriekin mantentzeko ekimenak abiatu dira, bai herritarren zein erakunde publikoen aldetik. Hala ere, Euskal Herriko poni erdi-basati hauek oraindik ez daude erabat galtzeko zoritik salbu.

Eduki-taula

Other Languages
brezhoneg: Pottoka
català: Pottoka
Deutsch: Pottok-Pony
English: Pottok
español: Pottoka
suomi: Pottok
français: Pottok
galego: Pottoka
italiano: Pottok
日本語: ポトック
Nederlands: Pottok
polski: Kuc Pottok
svenska: Pottok
Tiếng Việt: Ngựa Pottok