Mendazako gudua

Gudua

Mendazako guduzelaia ekialdetik ikusita, Mendazatik hain zuzen ere. Asarta aurrean, Desiñana Asartako mediaren ezkerraldeko muturrean, Nazar ezkerraldean eta Aguilar Kodeskoaren mendilerroa bere atzealdean ditu. Lursail-batasunaren ondorioz bertan zeuden lursailen harrizko itxiturak desagertu dira.

Etxebarrin 1834ko urrian garaipena lortu ondoren, karlistek hornigai asko eta adore zituzten. Hori zela eta, gerrilla taktikak ahaztu eta ohizko gudua ematea erabaki zuten. Horretarako bere buruzagiek Berrotza harana aukeratu zuten[3].

1834ko abenduaren 12an Zumalakarregik egunsentia etorri baino lehen bere soldaduak Berrotza haranean, Mendaza eta Asarta artean kokatu zituen, hegoalderantz begira eta ezkerreko hegala Mendazan eta eskuinekoa Asartan izanik. Haranaren sakonunean bere armadaren erdigunea zegoen. Bai sakonunean bai gertuko magaletan lursail txiki ugari zeuden, denak harrizko itxiturez inguratuak. Bere kuartel nagusia Desiñanan kokatu zuen.

Luis Fernández de Córdovak zuzendutako armada isabelinoa hegoaldean, haranetik at, zegoen, Los Arcosen hain zuzen ere[4].

Zumalakarregik Hanibalek Cannaen egin zuen moduan prestatu zuen gudua: etsaiaren erasoa bere armadaren erdigunean jasoko zuen eta honek tarteka iparralderantz atzera egingo zuen. Horrela etsaia "U" baten ahotik pasatuko zatekeen eta, orduan, hegalek- ezkerraldekoa gauean Bi Haizpeak mendian zegoen artadian ezkututako indar gehigarriez sendotua, eraso eta maldan behera isabelinoak izango zituzkeen.

Armada liberala eguerdirako ailegatu zen haranera eta Luis Fernández de Córdova jeneralak, armada karlistaren zati handiena sakonunean ikusi zuenean, Marcelino Oraa abangoardiaren bere buruzagi nagusiari etsaiaren erdigunea erasotzea agindu zion. Hau Iberiar Penintsulako Gerran Espoz Minarekin izandakoaz gain, nafarra zen. Harana ederto ezagutzen zuen eta iruzurraz konturatu zen[5].

Hori zela eta, entzungor egin eta Mendaza aldera joan zen, ezkerraldeko hegala erasotuz[6]. Etsaiaren mugimenduaz konturatzean, Zumalakarregik bere erdigunean zituen soldaduak ezkerralderantz mugitu zituen, ezkerraldeko hegala babesteko. Zoritxarrez, soldadu karlistek ez zuten eskarmentu handirik maniobrak egiten eta egiterakoan formazioa hondatu zen. Gainera, bere kokagunea aldatzean, itxituren babesa galdu zuten eta hegoaldean, haranaren sarreran zegoen artilleria liberalaren tiramenean zeuden.

Karlistak laster itsumustuan hanka egin eta inguruko mendien babesa bilatu zuten. Handik Ega zeharkatu eta galdutzat eman zuten gudua[7].

Other Languages