Legionelosi

Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Legionelosia Legionella pneumophila bakterioak sortutako gaixotasuna da. Formarik arinena, Pontiac-eko sukarra, gripearen antzeko gaixotasun arina da; formarik larrienak, legionarioen gaixotasunak, pneumonia eragiten du. Bakterio eragilea 1977 urtera arte ez zen ezagutzen. Urtebete lehenago (1976ko udan) Filadelfia hirian pneumoniaren agerraldi larria agertu zen, legionario ohien batzar batean. Agerraldi horren ondorioz hotel batean zeuden 34 legionario hil ziren, pneumoniak jota. Lotura hori dela eta, urtebete geroago aurkitutako bakterio eragileari Legionella izena jarri zioten zientzialariek.

Legionelosia aitortu beharreko gaixotasuna da Euskal Herrian. Zehatza izaten zaila bada ere, kalkulatzen da pneumonia guztien %5 inguru legionelosiak direla, ehuneko hori hirukoitza izanik ospitaleetan hartutako pneumonien artean. 2003. urtean, 100 legionelosi kasu jakinarazi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan; eta 2005ean, 114.

Etiologia eta infekzioa

Hozte dorreak legionelosi agerraldien iturburuan egon dira maiz.

Legionella pneumophila uretan bizi da. Bere habitat naturaletan (lakuetan, paduretan, ur putzuetan...)ez du arriskurik sortzen, baina ur habitat artifizialak kolonizatzen dituenean ( ur sarearen hoditeriak, dutxak, jakuzziak, hozte dorreak, aire girotuaren sistemak...) gizakia infektatzeko ahalmena hartzen du. Ingurugiro artifizial horietan bakterioak bere hazkuntza areagotzen duen hiru gauza aurkitzen ditu: tenperatura epelak, hoditeri zaharretan agertzen den burdina eta korrosioaren produktuak, eta hoditeri sare handietan dauden ur geldoaren eremuak, materia organikoan aberatsak direnak.

Legionella-k erresistentzia dio ur sarean dagoen kloro mailari, beste bakterioak hiltzen dituena.

Gizakia infektatzeko bakterioa airean zintzilik geratu behar da, arnas bidetik sartzeko. Hori gertatzen da bioaerosolak eratzen direnean. Dutxek, jakuzziek, hozte dorreek, aire girotuaren sistemek... aerosolak sortzen dituzte, tanta bakoitzean milaka bakterio patogeno dituztenak. Aerosolak arnasterakoan bakterioak arnas aparatuan sartzen dira eta biriketaraino iristen dira.

Gaitza ez da pertsonen artean transmititzen, eta ezta ur kutsatua edaten ere.

Other Languages
العربية: داء الفيالقة
български: Легионелоза
čeština: Legionelóza
Deutsch: Legionellose
Esperanto: Legiana malsano
español: Legionelosis
français: Légionellose
galego: Lexionelose
íslenska: Hermannaveiki
italiano: Legionellosi
қазақша: Легионеллез
lietuvių: Legioneliozė
Nederlands: Legionellose
norsk nynorsk: Legionærsjukdom
русский: Легионеллёз
Simple English: Legionnaires' disease
slovenščina: Legioneloza
українська: Легіонельоз
Tiếng Việt: Bệnh Lê dương
中文: 军团病