Kimikaren historia

1871ean Mendeleievek egindako taula periodikoa.

Kimikaren historiak denbora tarte luze bat hartzen du historiaurretik gaur egungo garai arte, eta giza kulturaren garapenarekin eta naturari buruzko giza ezagutzarekin du lotura. Antzinako gizarteek erabilitako teknologiek erakusten dutenez, ordurako bazuten materiaren eraldaketen inguruko ezagutza, eta horietako batzuk oinarri gisa erabili ziren kimikako lehenengo ikerketetan. Hor kokatzen ziren metalen erauzketa, brontzea bezalako aleazioen elaborazioa, zeramikaren, esmalteen eta beiraren fabrikazioa, garagardoaren eta ardoaren hartzidura, sendagarri edo lurrin gisa erabiltzeko landareen substantzien erauzketa eta koipeak xaboi bilakatzeko eraldaketa.

Ez filosofia ezta alkimia ere, kimikaren aurrekari izan zirenak, ez ziren gai izan era egiati batean materiaren jatorria eta haren eraldaketak azaltzeko. Dena dela, esperimentuak egitearen eta horien emaitzak erregistratzearen bitartez, alkimistek zientzia modernoaren zutabeak ezarri zituzten. Kimika modernoarekiko inflexio puntua 1661. urtean eman zen Robert Boyleren The Sceptical Chymist: or Chymico-Physical Doubts & Paradoxes (Kimikari eszeptikoa: edo duda eta paradoxa kimiko-fisikoak) obrarekin, non argi eta garbi kimika alkimiatik bereizten den esperimentu kimikoetan erabilitako metodo zientifikorako sarreraren ondorioz.

Kimika Antoine Lavoisier-en materiaren kontserbazioaren legeari eta kimikaren zutabeak ezartzen lagundu zuten beste aurkikuntza batzuei esker bilakatu zen zientzia. XVIII. mendetik aurrera hartu zituen, azkenik, zientzia esperimental modernoaren ezaugarriak. Neurketa metodo zehatzagoen garapenak eman zuen fenomenoen ezagutza hobea izateko modua eta, halaber, oinarri finkorik gabeko usteak bertan behera laga ahal ziren era horretan. Kimikaren historia fisikaren historiarekin nahasten da zenbaitetan. Horren adibide bat teoria atomikoa da, zehatzago, termodinamika. Hasiera batean Lavoisierren eskutik, eta batez ere Willard Gibbs-en obraren eskutik.[1]

Other Languages