Gorriranzko lerrakuntza

Eskuinean agertzen diren urruneko galaxien argi ikusgaiaren espektru lerroen gorriranzko lerrakuntza ezkerrean agertzen den eguzkiarenarekin alderatuta. Uhin luzera gorrirantz eta haratago hedatzen da.
Iturria eta ikuslearen arteko mugimendu erlatiboaren araberako gorriranzko edo urdineranzko lerrakuntza.
Gorriranzko lerrakuntza grabitazionala irudikatzen duen irudia.


Fisikan eta astronomian, gorriranzko lerrakuntza, gorriranzko hurbilketa edo gorriranzko mugitzea (ingelesez redshift) objektu batek igorri edo isladatzen duen erradiazio elektromagnetikoa, eskuarki argi ikusgaia, espektru elektromagnetikoan gorrirantz lerratzen denean gertatzen da. Modu orokorrago baten, gorriranzko lerrakuntza detektore batek jasotako erradiazio elektromagnetikoaren uhin luzeraren handitze bat eta iturriak igorritako uhin luzeraren arteko alderaketa bat bezala definitzen da. Uhin luzeraren handitzen honek erradiazio elektromagnetikoaren maiztasuna jaistea suposatzen du. Aldiz, uhin luzeraren jaisteak urdineranzko lerrakuntza izena jasotzen du. Uhin luzeraren edozein handitzeri deritzo gorriranzko lerrakuntza, baita argi ikusgaia ez den espektru elektromagnetikoko beste edozein uhin luzerei badagokie ere, gamma izpiak, x izpiak eta erradiazio ultramorea kasu. Izen honek nahasmena sor dezake, gorria baino uhin luzera handiagoa duten uhin elektromagnetikoen kasuan, infragorria, mikrouhinak eta irrati uhinak, "gorriranzko lerrakuntzak" gorriaren uhin luzeratik aldentzen baitira.

Gorriranzko lerrakuntza bat argi iturri bat ikusle batengandik aldentzen denean gerta daiteke, soinu uhinen nabaritutako maiztasuna aldatzen duen Doppler lerrakuntza bati dagokiona. Gorriranzko edo bere osagarria den urdineranzko lerrakuntza horiek Lurrean aplikazio ugari dituzten arren (Doppler radarra eta radar pistola, beste batzuen artean) espektroskopia astronomikoak Doppler gorriranzko lerrakuntzak urruneko objektu astronomikoen mugimendua zehazteko erabiltzen du. Fenomeno hau, lehen aldiz, XIX. mendean aurresan eta frogatu zen, zientzialariak argiaren uhin izaeraren esanahi dinamikoak kontutan hartzen hasi zirenean.

Gorriranzko lerrakuntzaren beste mekanismo bat espazioaren hedapen metrikoa da, urruneko galaxien, quasarren eta galaxiarteko lainoen gorriranzko lerrakuntza espektralak behatzaileagandik urruntzen den heinean handitzea behatu izana azaltzen duena. Mekanismo hau kosmologia fisikoko Big Bangaren ereduko funtsezko ezaugarri bat da.

Gorriranzko lerrakuntzaren hirugarren mota bat, gorriranzko lerrakuntza grabitazionala (Einstein efektua bezala ere ezaguna), erlatibitate orokorraren arabera, oso objektu masiboen inguruan gertatzen den denboraren dilatazioaren ondorioa da.

Hiru fenomeno hauek markoen transformazio legeen babespean uler daitezke. Erradiazio elektromagnetikoan mugitze batera daramaten eta euren eraginak, noiz behinka "gorriranzko lerrakuntza" bezala ezagu daitezkeen eta deskribapen fisiko eta matematiko ezberdinak dituzten beste mekanismo asko ere badago, dispertsioa eta efektu optikoak horien artean.

Historia

Gorriranzko lerrakuntzaren historia XIX. mendean uhin mekanika eta Doppler efektuarekin lotutako fenomenoaren esplorazioa garatu zirenean hasi zen. Efektu honek bere izena Christian Andreas Dopplerrek 1842an efektu honen lehen azalpen fisikoa eman izanagatik jasotzen du. Hipotesi hau Christophorus Buys Ballot herbeheretar zientzialariak frogatu eta berretsi zuen 1845ean. Dopplerrek fenomenoa uhin guztiei aplikatu behar zitzaiela zuzen aurresan zuen, eta, bereziki izarren koloreen aldaketa Lurrarekiko zuten mugimenduari eman zekiokeela. Emate hau zuzena izan ez zen arren (izarren kolorea euren tenperaturaren adierazlea da, eta ez bere mugimenduaren adierazle), Doppler, ondoren, gorriranzko lerrakuntzen behaketen egiaztapenengatik aldarrikatua izan zen.

Doppler motako lehen gorriranzko lerrakuntza 1848an deskribatu zuen Hippolyte Fizeau frantziar fisikariak, izarretan ikusitako espektru lerroen desplazamendua Doppler efektuaren ondoriozkoa zela adierazi zuena. Efektua, batzuetan, Doppler-Fizeau efektua deitua da. 1868an, William Huggins britainiar astronomoa izan zen metodo honen bidez Lurretik aldentzen ari zen izar baten abiadura zehazten lehena.

1871n, gorriranzko lerrakuntza optikoa fenomenoa, eguzkiaren errotazioa erabiliz, gorritik 0,1 angstromera, Fraunhofer lerroetan behatu zenean berretsia izan zen. 1901ean, Aristarj Belopolskyk laborategian egiaztatu zuen gorriranzko lerrakuntza optikoa ispiluzko errotazio sistema bat erabiliz.

Literaturan gorriranzko lerrakuntza kontzeptua erabili zen lehen aldia 1908an izan zen, Walter Sidney Adamsek "Nebulosen gorriranzko lerrakuntzaren izaeraren bi ikerketa metodo" aipatzen duenean.

Behaketekin 1912an hasiz, Vesto Slipherrek nebulosa kiribil askok gorriranzko lerrakuntza nabarmenak zituztela aurkitu zuen. Beranduago, Edwin Hubblek "nebulosa" horien (gaur egun galaxia bezala ezagutzen direnak) gorriranzko lerrakuntzaren eta haietara dagoen distantziaren arteko gutxi gora-beherako erlazioa aurkitu zuen, gaur egun Hubblen legea bezala ezagutzen dena formulatuz. Behaketa hauek 1922an Alexander Friedmanek eginiko lana berretsi zuten, non hain ospetsuak diren Friedmannen ekuazioak aurkitu zituen, unibertsoa heda zitekeela frogatuz eta kasu horretan hedapen abiadura aurkeztu zuen. Gaur egun, hedatzen ari den unibertsoaren eta Big Bangaren froga sendotzat hartzen dira.

Other Languages
Afrikaans: Rooiverskuiwing
العربية: انزياح أحمر
беларуская: Чырвонае зрушэнне
বাংলা: লোহিত সরণ
bosanski: Crveni pomak
čeština: Rudý posuv
Cymraeg: Rhuddiad
English: Redshift
Esperanto: Ruĝenŝoviĝo
eesti: Punanihe
Gaeilge: Deargaistriú
hrvatski: Crveni pomak
Bahasa Indonesia: Pergeseran merah
Ido: Redesko
íslenska: Rauðvik
日本語: 赤方偏移
ქართული: წითელი ძვრა
한국어: 적색편이
къарачай-малкъар: Къызыл тебиуню ёлчеми
Lëtzebuergesch: Routverrécklung
latviešu: Sarkanā nobīde
Bahasa Melayu: Anjakan merah
မြန်မာဘာသာ: အနီရောင်အရွေ့
नेपाली: रेडसिफ्ट
Nederlands: Roodverschuiving
norsk nynorsk: Raudforskuving
Novial: Redesko
Scots: Reidshift
srpskohrvatski / српскохрватски: Crveni pomak
Simple English: Red shift
slovenčina: Červený posun
slovenščina: Rdeči premik
shqip: Redshift
српски / srpski: Црвени помак
татарча/tatarça: Qızıl taypılma
українська: Червоний зсув
Tiếng Việt: Dịch chuyển đỏ
中文: 紅移
粵語: 紅移