Finlandiako historiaurrea

Finlandiako historia
SuomiNeito.png
  • Indep. Adierazpena (1917)
Gai garrantzitsuak

Finlandiako historiaurrea (finlandieraz, Suomen esihistoria) Finlandiara lehenbiziko biztanleak iritsi zirenetik Erdi Aroraino doan garaiari deitzen zaio; zehazki, k.a. 130.000. urtetik Bikingoen Aroa amaitu zen 1025. urtera arte. Neanderthalgo gizakia izan zen lurraldeko lehen biztanlea, baina Izotz Aroarekin batera hegoaldera jo behar izan zuen; historiaurrearen amaiera aldiz, kristautasunaren lehorreratzearen eta gutxiengo gobernu antolakuntzaren eskutik iritsi zen. Historiaurre orokorra, finlandiarra bezala, hainbat zatitan banatu ohi da: Paleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa, Brontze Aroa eta Burdin Aroa. Garai hauek banatzeko, Finlandiako aztarnategi arkeologikoetan aurkitu diren tresna eta objektuak erabiltzen dira; aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenen artean ditugu, Susiluola edo Otsoaren leizea, Astuvansalmiko labar-pinturak, Kamennogorsk, Leväluhta eta Orimattila herriak, Saimaa aintzirako ertzeak, Kastelli erraldoien eliza eta Gizateriaren Ondare den Sammallahdenmäki mukuru-multzoa.

Aipatzekoa da garai honetan, gaur egun Finlandian bizi diren bi talde etnikoren bereizketa ematen hasi zela; hau da, finn eta samien arteko bereizketa.

Paleolitoa

Finlandia lurraldeko lehenengo biztanleen aztarnak Kristinestadeko Susiluola leizean (euskaraz, Otsoaren leizea) aurkitu dira. Aurkikuntza honen arabera, lehenengo gizakiak duela 130.000-120.000 urte inguru iritsitako Neanderthalgo gizakiak dira, Izotz Aroarekin batera hegoaldera jo eta leku hura utzi behar izan zutenak. Arrasto hauen artean, harrizko tresnak eta sua sortzeko lanabesak aurkitu dira. Nahiz eta topatutako objektuak gizakienak ez direla esaten duten arkeologoak ere badiren, Kristinestadekoa, garai honetako Ipar Europako aztarnategi nagusiena da [1].

Bestetik, teoria aski zabaldua da Azken Maximo Glaziarra baino lehen, Goi Paleolitoan, Cromagnongo gizakia iritsi zela Finlandia hegoaldera; izan ere, k.a. 34.000 eta 22.000 urteen bitartean, tenperatura leuntzearekin batera, elur-orein eta mamut taldeak iristen hasi ziren bertara. Hainbat mendez klima gogorreko lurralde honetan egokitu ziren eta, zentzuzkoa da pentsatzea, mamut iletsu eta ugaztun handien atzetik ehiztariak ere etorriko zirela, nahiz eta gertaera honen frogarik ez den aurkitu [2].

Susiluola aztarnategi arkeologikoa.

Mesolitoa

Izotz Aroan, lurralde guztia glaziar baten azpian zegoen eta honek, bertako geografia moldatu zuen. Glaziarra urtzen hasi zenean, 13.000 bat urte atzera, Finlandiar lurraldearen lehenengo zatiak azaleratzen hasi ziren. Lehengo lur-eremu hauetan, landarerik gabeko tundra nagusi zen eta bizi-aztarna gutxi zegoen bertan.

Aztarna arkeologikoen arabera, lehenengo biztanleak, ugaztun belarjaleen atzetik zetozten eta Bielorrusia eta Polonia inguruan bizi ziren Swideriar kulturako gizakiak izan ziren eta duela 12.000 urte iritsi zirela uste dute adituek. Hain zuzen, Izotz Aroaren ondorengo holozeno garaian, klima hotz eta lehorra zegoen Finlandia hegoaldean eta lehenengo urkidiak hazten hasi ziren. Garai honetan, glaziarraren higadurak herrialdean hain ospetsua den Salpausselkä mendikate txikia sortu zuen, hegoaldea gainontzekotik bereizten duena. Mendebaldea bestalde, Yoldia itsasoaren azpian zegoen eta ekialdea aldiz, tundra eremu zabala zen.

Hurrengo mila urtetan, Onega aintziraren ekialdean eta Estonian, Kunda izeneko kultura garatzen hasi zen. Ehiztari-biltzaileetan oinarritutako gizartea zen, Finlandian eta Oka-Volga ibaien artean eragin handia edukiko zuena, eta baso eremuak eta ibai ertzak gogoko zituzten. Badirudi, Kunda kulturako gizakiak lurraldera k.a. 9000. urtean iritsi zirela, Ipar Europako glaziarraren muga Erdialdeko Finlandian zegoenean [3].

Klima epelagotzen zihoan heinean, urkidiak eta pinudiak hazi eta hego-ekialdeko gizakiak erakartzen zituzten ehizakiak iristen hasi ziren; hala nola, kastoreak, hartzak eta oreinak. Glaziarra dagoeneko ia urtuta zegoen Finlandian eta Yoldia itsasoaren ondotik, Suedian zegoen Närkeko itsasartea itxi zenean, Ancylus aintzira erraldoia sortu zen. Arrantzak pisu handia zuen garai hartako gizartean eta, hain zuzen, lehen giza-arrastoak ibai eta aintzira ertzeetan aurkitu dira. Hauen artean, aipatzekoak dira animaliak harrapatzeko tresnak, egurrezko lerak, zizelak, aiztoak, zeramika ontziak, amuak eta pinuaren azalaz eginiko arrantza-sareak. Jatorrizko gizarte honen lehenengo bizilekuak Orimattila, Eno, Joutseno, Kareliako istmoan dagoen eta arrantza-sarea aurkitu zen Antrea, iparraldeko muturrean dagoen Utsjoki, aztarnategi nagusiena den Ristola, Mäntsälä, Hyrynsalmi eta ekialdeko Suomussalmi dira, zaharrenetik berrienera. Nahiz eta, Kunda kulturaren barneko gizartea izan, askotan Askola edo Suomusjärvi deitura ere jasotzen dute finlandiarrek [4].

Mesolitoko kultura, gutxi gorabehera, k.a. 7000. urtean egonkortu zen bertan, k.a. 6500. urterako, klima gaur egungoa bezain epela zelako. Lehen esan bezala, Ancylus erraldoiak Finlandia mendebaldea ur azpian zuen eta glaziarrak atzera egiten zuen heinean, finlandiar guneak urez bete zituen; gaur egungo Itsaso Baltikoa, bi mila urtez, gutxi gorabehera k.a. 5800. urtera arte, ur gezako eremua izan zen. Urtzearen ondorioz Øresund itsasartea urpean gelditu zenean aldiz, Ipar Itsasoko eta Ozeano Atlantikoko ur geza sartzen hasi zen eta ordura arte aintzira izandakoa, Littorina izeneko itsaso bihurtu zen; itsaso honen ondorengo zuzena da Itsaso Baltikoa. Uraren maila jaitsi eta Finlandiako mendebaldea azaleratu egin zen. Ur mugimendu hauen aztarna nabariena herrialdeko milaka aintzirak dira.

Kunda kulturaren ondoren, buztingintza iritsi zen k.a. 4200. urtean, Danimarkara nekazaritza eta Ekialde Hurbilera kobrea moldatzeko teknikak iritsi ziren garaian. Kultura berri honi Orraziaren zeramika kultura deitzen diote adituek, egindako ontziak orrazien hortzen markekin apainduak daudela diruditelako. Ordurako, gutxi gorabehera 3.000-5.000 bat lagun bizi zirela uste da eta Mesolitoaren amaiera eta Neolitoaren hasieratzat hartzen den garaia da Finlandian [5].

Neolitoa

Neolitoa, buztingintza eta Orraziaren zeramika kulturaren eskutik iritsi zen Finlandiara. Kultura honen eragin-eremua Ural mendien eta Vistula ibaiaren, eta Ozeano Artikoaren eta Oka-Volga ibaien artean zegoen; eta badirudi, kultura honetako lagunak finougriarrak zirela. Aspalditik zientzialariek darabilten hipotesia, europarrak, Izotz Aroko hotz jasanezinetik babesteko, kontinenteko leku epel desberdinetan babestu zirela da. Honela, hiru taldeetan bereizita, Europako hiru familia-hizkuntza handiak sortu ziren, Indoeuroparrena, Euskararena eta Finougriar hizkuntzen aurrekaria izan zen Uraldarrena. Izotz Aroa bukatzerakoan, hiru talde hauek Europan barrena egin eta euren hizkuntza leku desberdinetan zehar zabaldu zuten. Dena den, aipatzekoa da azken urteotan, hizkuntzalari askok hipotesi hau ez dutela hain ziurtzat jotzen.

Kultura honen berezitasuna, orrazien hortzen markak diruditen buztinezko kaikuak ziren eta, gutxinaka, lurralde osora zabaldu ziren tenperatura leunei esker; k.a. 3500. urterako, gutxi gorabehera, Finlandia osoan 10.000 lagun zeudela kalkulatzen dute adituek. Hauek, bost-hamar familiako herri txikietan bizi ziren eta elur-orein, altze eta itsas-txakur ehizatik, fruitu-bilketatik eta, batez ere, ibai-arrantzatik bizi ziren. Tribu hauen arma eraginkorrenak egurrezko arkuak eta geziak izan ziren batik bat, hala ere, garai hartan hego-ekialdetik iritsitako silex xaflak agertzen hasten zaizkigu aztarnategietan. Hildakoak, okre gorriz apaindutako hilobietan ehorzten zituzten, objektu eta bitxiekin batera. Xamanismoarekin lotura izan dezaketen labar-pintura hauetan, animalien eta gizakien irudiak agertzen dira; ospetsuenak, Europan izen handia duten Astuvansalmiko labar-pinturak dira. Vantaa hiriko Jokiniemi auzoan gainera, Ipar Europa osoko buztinezko figura zaharrena aurkitu zuten, "Buztinezko Idolo" izenekoa [6].

Finlandiako Orraziaren zeramika kulturako gizartea bi talde nagusitan bereizita zegoen: hego-mendebaldeko Järkärläko eta iparraldeko Säräisniemiko taldeak.

K.a. 3200. urtean, bestalde, Kordeleztatutako zeramika edo Gerra aizkoraren kultura eratzen hasi zen herrialde baltikoetan, Finlandian (Jäkärläko taldearen esparruan gutxi gorabehera), eta Suedia hegoaldean. Kultura honek, gerrarako erabiliko zituen armak hobetu eta errituetarako objektuak sortu zituen; Finlandian, guztira, kultura honekin lotura duten 900 pieza baino gehiago aurkitu dira. Gainera, zeramika bitxia egiteko kordelak erabiltzen hasi ziren, kulturari izena emango ziotenak. Hildakoak banako hilobietan ehorzten zituzten eta animalia sinbologiarik ez zutela dirudi. Litekeena da, herri hauek nomada izateari utzi eta garia landatzeari edo abereak zaintzeari ekitea. Dena den, hemengo kulturak, gainontzeko bizilagunekin alderatuz gero, zenbait berezitasun garatu zituen zeramikaren arloan: platerak txikiagoak ziren, hondoa lauagoa zuten eta goiko aldea baino ez zuten apaintzen. Finlandiako gizartean gainera, ez zegoen Estonian izan zen batasuna, zabalera dela-eta, lurraldeko gizartea zatitua zegoelako. Kultura honen muga, gaur egungo Kokkola, Tampere eta Vyborg hiriek osatuko luketen zuzena izango litzateke.

Kastelli erraldoien elizaren hondakinak.

Kultura hau moldatuz joan zen eta Saimaa aintziraren inguruko herritarrak esaterako, teknologia garatzen hasi ziren. Zuntzak eta amiantoz eginiko zeramika egiten hasi ziren; amiantoa eta buztina nahastuz, berezko zeramika mota berri bat sortu zuten, amianto zeramika deitua eta Finlandiaz gain, bakarrik Japonian aurkitu daitekeena. Teknika berri hau Saimaa aintziratik barnealde guztian zehar zabaldu zen Botniako Golkoraino, eta honen baitan, zeramika egiteko bi azpitalde sortu ziren ipar eta erdialdean, Kierikkikoa eta Pöljäkoa.

Bestalde, k.a. 3000-2000 urteen artean, Botniako Golkoaren ertzean bizi ziren herritarrak Jätinkirkko (Erraldoien eliza) izeneko eraikin erraldoiak eraiki zituzten. Erdialdeko Europa eta Eskandinaviako megalitismo ohitura jarraitzen duten eraikin hauek hirurogei metro diametroko oina eduki zezaketen eta harrizko horma handien gainean egurrez eginiko teilatu sendo bat zegoen. Eraikin hauen kokapena eguzkiaren mugimenduarekin zegoen zuzenean lotuta eta Ostrobotnian izan ziren eraikiak batik bat. Ospetsuena eta handiena, Kastellin jätinkirkko izenekoa da [7].

Kultura hauen nahasketaren ondorio zuzena da lurraldean k.a. 2400 eta 1400 urteen artean eratu zen kultura, Kiukainengo kultura. Harri Aroaren azkenengo garaia izan zen eta arrantza eta nekazaritza gizartean berebiziko garrantzia edukitzen hasi ziren. Finlandiako koniferoen baso epelak bota eta abere eta hazientzako lursailak sortu zituzten herritarrek. Gizarte honek, Finlandia hego-mendebaldea kultura berean batu zuen, izan ere, Satakunta eta Hego Ostrobotnian hasi eta Vyborgen bukatzen zen. Ardi eta behi hezurrak aurkitu dira garai honetako aztarnategi arkeologikoetan, eta badirudi, itsas-txakur muturbeltzen ehizak, espezie hau Itsaso Baltikotik desagerrarazi zuela.

Finlandia ekialdean eta iparraldean aldiz, garai honetako aztarna arkeologikoak murriztu egiten dira eta ez dago k.a. 2500. urtetik aurrera eraikitako erraldoien eliza berriren arrastorik. Eremu honetako herri txikiak zatitu eta banandu zirela dirudi.

Brontze Aroa

Brontze Aroa, k.a. 1500. urtean iritsi zen Finlandiara. Hego-mendebaldeko itsasertzean brontzezko objektu asko aurkitu dira, Brontze Aro Nordikoaren barnean sailka daitezkenak. Hain zuzen, hego-mendebaldean, lehenengo etxaldeak eraikitzen hasi ziren eta Itsaso Baltikoko gainontzeko herriekin harremana estutu zen. Garagar eta gari landaketak hasi ziren eta txerri, behi, ardi eta ahuntzen abeltzaintza hasi zen. Garai honekin batera, nekazaritza eta abeltzaintzaren sarrerarekin batera hain zuzen, finnen sinesmenen kultura aldatu zela uste dute adituek. Europako nekazaritza giroko sinesmenak iritsi ziren Finlandia hego-mendebaldera eta arbasoen memoriaren garrantziak gora egin zuen. Hildakoak errausten hasi ziren eta badirudi, arima ulertzeko modua ere aldatu zela. Hilarrien apaindurek gora egin zuten eta orduan, Eskandinavian hain ospetsuak diren harrizko mukuruak egiten hasi ziren. Kuninkaanhauta edo Erregearen hilobia da hain zuzen, Brontze Aroan eraikitako Finlandiako eta Ipar Europako harrizko mukuru eta hilobi-monumentu handiena; guztira, 30 metroko luzera eta 4 metroko altuera dauka eta finlandiar folklorearen arabera, garai hartako errege aberats baten hilobia da. Finlandiako mukuru-multzo ospetsuena, 1999. urtean herrialdeko UNESCOren zazpi Gizateriaren Ondareetako bat den granitozko ehorzketa mukuruak dira, Lappi herrian dagoen Sammallahdenmäki mukuru-multzoa [8].

Ipar-ekialdean bestalde, brontzearen kultura Volga eta Oka ibaien ingurutik iritsi zen, ekialdetik. Finlandiaren alde honetan ere, aldaketa kultural handiak izan ziren: hildakoak errausten hasi ziren eta gutxiengo nekazaritza ere iritsi zen. Hala ere, iparraldekoena, ehiza, arrantza eta fruitu-bilketan oinarritutako kultura nomada izaten jarraitu zuen. Badirudi, Finlandiako bi kultura hauen artean sortu ziren desberdintasunak eta gainontzeko herriekin izandako harremanak herrialdeko bi etnia garrantzitsuenak sortu zituela, hau da, finn eta sami etniak. Lehenengoa mendebaldeari begira zegoen eta bigarrena aldiz, ekialdera; fenomeno hau hizkuntzalaritzak aztertu du, izan ere, gaur egungo finlandieran dauden eta samieretan ez dauden germaniar hitz gehienak aro honetan hartutakoak dira; hala nola, "errege" (kuningas), "printze" (ruhtinas), "botere" (valta), "errenta" (vuokra), "ohore" (kunnia), "erreskate" (lunnaat), "hilketa" (murha) edo "jende" (kansa).

Sammallahdenmäki mukuru-multzoa.

Burdin Aroa

Finlandia bereizketa honetan zetzala, Burdin Aroa iritsi zen k.a. 500. urtean. Lurraldeko aintziretan burdin mea dagoenez, burdinaren erabilpena lanabesen ekoizpenetan azkar zabaldu zen. Burdinezko objektu zaharrenak Finlandia iparraldean aurkitu diren ezpatak dira, beraz, burdinaren kultura ekialdetik etorri zela uste dute adituek. Hegoaldea bestakde, itsasertzean bizi ziren biztanle egonkorrek osatzen zuten eta Itsaso Baltikoan nagusitu zen Jastorf kulturaren eragina bizi izan zuten kristo aurreko azken mendeetan. Ekonomia mistoa zuten, hau da, nekazaritzan, abeltzaintzan, ehizan eta arrantzan ibili ohi ziren. Harrizko mukuru txikiez eginak izaten diren hilobiak brontzezko objektuez apainduak izaten jarraitzen dute.

Hainbat menderen ostean, V. mendean, Erromatar Burdin Aroa moduan ezagutzen den garaia iritsi zen Finlandiara. Herrialde baltikoen eta germaniarren eragina handitu zen hegoaldean eta herri eta hilerri handiagoak eraiki zituzten kostaldean. Nekazaritzak eta metalezko objektuek, hala nola urrezkoek, gora egin zuten eta germaniar armamentuak agertzen hasi ziren. Hego Ostrobotnia eskualdea garai honetako aztarnategi garrantzitsu bat bilakatu da, izan ere, bertan aurkitu diren hilerrietan gizartea mailetan banatua zegola antzeman daiteke; maila altuagoa zutenek, apaingarri gehiago eta hilobi dotoreagoak izan ohi zituzten. Vöyri herrian esaterako, hilobi batean gainontzekoetan ez dauden urrezko txanpon, eraztun eta bitxi eta apaingarriz beterik dago. Hegoaldea dena den, batez ere abeltzaintzan oinarritutako ekonomia izaten jarraitzen zuen eta badirudi, bakar batzuk lortutako aberastasunak larruaren merkataritzan lortu zituztela eta ez bizilagun germaniarrak ospetsu egin zituzten borroketan. Produktu hauek ziurrenik Laponia eta iparraldetik iritsiko ziren hegoaldeko portu eta herrietan saltzeko; ondorioz, garai hau iparraldean bizi ziren samien Burdin Aroa deitua izan da.

VI.-VIII. mendeen artean, Migrazioen Garaia iritsi zen. Finlandia hego-mendebaldean sortutako kultura oparoa ekialderantz mugitzen hasi zen, Karelia eta Savoniara; zabalkuntza honen erakusgarri da, Savonian berriz ehorzketak egiten hasi zirela. Åland uharteak, finn herriaren lehenengo zabalguneak izan ziren, baina ondoren, Eskandinavia osoko herriak iritsi ziren bertara, eta kultura nahasketak, uharteetako kultura propioa eratu zuen. Gainontzeko Finlandiako gizarteak lotura estua izan zuen Suedia erdialdeko eta Eskandinavia hegoaldeko buruzagiekin, ustez, merkataritzaren ondorioz, eta honela, penintsularen gaur egungo harremana itxuratzen hasi zen. Garai honetako aztarna arkeologiko ugari aurkitu da. Orismala herrian esaterako, Leväluhta izena jaso duen garai honetako herri bat aurkitu dute; bertan, finn herriaren aberastasun-garai honen berri ematen duten lanabes eta bitxi asko aurkitu dira [9].

Burdin Aroaren azken fasea Bikingoen Aroak osatu zuen 800 eta 1025. urteen artean; Itsaso Baltikoan bikingo herria nagusitu zen garaia izan zen eta arrasto handia utzi zuten Europa eta bereziki, Finlandian. Bikingoen hiri eta portuak nagusi ziren itsasoan eta Danimarka, Norvegia eta Suediako buruzagiak ziren. Finlandia hego-mendebaldea eta Åland uharteak suediar bikingoen esku zeuden eta finn askok eremu honetara jo zuten aberastasun bila. Åland hain zuzen, bikingo hauen bizileku egonkorrenetako bat izan zen, ekialdeko arpilatze bidaietako base nagusia, eta ondoan dagoen Rosala herrian, honi buruzko Rosala Bikingo Gunea deitzen den museoa dago. Nahiz eta, finnek ez zuten espedizioetan parte hartzen, hauetatik etekina ateratzen zuten eta ondorioz, merkatal kolonia asko sortu zituzten itsasertzean. Hämeenlinnako Vanajavesi aintziran, garai honetako aztarna ugari aurkitu dira eta hiri baten arrastoak diren ustea dute finlandiar historialariek. Garai honetan, badirudi, ekialdea eta erdialdea hustuz joan zirela eta iparraldeko samiak finnen lurraldeak hartu eta Aintziren Finlandiaraino jaitsi zirela. Hain zuzen Finlandian, finn etniaren barruan, kulturalki desberdinak ziren hiru tribu edo herri zeuden: hego-mendeladeko jatorrizko finnak, erdialdeko tavastiarrak eta ekialdeko kareliarrak [10].

Bikingoen nagusitasunaren azken urteetan, kristautasuna Finlandian lehorreratu zen; zehazki, Olof Skötkonung suediar errege kristauaren eskutik sartu zen erlijioa. Honek ere, lurraldeko gotorlekuak eraiki eta sendotu zituen, Lietoko gaztelu zaharra esaterako. XI. mendean eskualdeko gobernuak eratzen hasi ziren eta lurraldea Suediar Erresumaren kontrolpeko eremu bilakatu zen. Honela, kristautasunaren sarreraren eta gutxieneko gobernu antolakuntzaren bidez, Erdi Aroan murgildu zen Finlandia. Gutxi gorabehera, historiaurrearen amaieran, lurraldean 10.000 bat lagun baino ez zirela bizi uste dute adituek.