Espainiako Gerra Zibila

Espainiako Gerra Zibila
Bundesarchiv Bild 183-H25224, Guernica, Ruinen.jpg
Gernika bonbardaketaren ondoren
Data1936ko uztailaren 17a1939ko apirilaren 1a
LekuaEspainia penintsularra, Espainiar Maroko, Espainiar Sahara, Kanariak, Balear Uharteak, Espainiar Ginea
EmaitzaNazionalen (frankisten) garaipena, Bigarren Errepublika desagertzea, Espainian demokrazia galtzea eta Francoren diktadura ezartzea
Gudulariak
Flag of the Second Spanish Republic.svg Espainiako Errepublika

Flag of Spain (1945–1977).svg Nazionalak

Buruzagiak
Manuel Azaña
Julián Besteiro
Francisco Largo Caballero
Juan Negrín
Indalecio Prieto
Vicente Rojo Lluch
José Miaja
Juan Modesto
Juan Hernández Saravia
Buenaventura Durruti
Lluís Companys
Jose Antonio Agirre
Francisco Franco
José Sanjurjo
Gonzalo Queipo de Llano
Emilio Mola
Juan Yagüe
Manuel Goded Llopis
Miguel Cabanellas
Indarra
450.000 gudari
350 hegazkin
200 bateria
(1938)
600.000 gudari
600 hegazkin
290 bateria
(1938)

Espainiako Gerra Zibila 1936. eta 1939. urteen artean Espainian, Hego Euskal Herria barne, jazotako gerra izan zen. Espainiako armadako militar batzuek Bigarren Errepublikako gobernu demokratikoaren aurka eginiko estatu kolpe batez hasi zen. Gerra hartako aldeek Altxamendu Nazionala, matxinada faxista, Gerra Nazional-Iraultzailea eta abar ere deitu izan diote.

Haren sorburua izan zen Espainiako eskuindarrek ez zutela onartu ezker alderdien Fronte Popularrak, 1936ko otsailaren 16ko hauteskunde orokorren bidez, Espainiako agintea eskuratu izana. Uztailaren 17an eta 18an, Espainiako armadaren zati handi batek estatu kolpea jo zuen Errepublikaren gobernuaren aurka eta, porrot egin zuenez, herrialdea bitan zatitu zen. Hurrengo hiru urteetan, milioi erdi bat gizabanako hil ziren: guda zelaian 300.000 eta errepresioaren ondorioz, 200.000. Guda zelaietatik at gertatutako hilketa horietatik, 50.000 errepublikanoen kontrolpeko eremuan izan ziren (gerra zibilaren lehen bost hilabeteetan izan zen kontrolik gabeko garaian, gehienak) eta gainerakoak frankistek kontrolatutako eremuan gertatu ziren. Errepublikako agintariek, beren kontrolpeko eremuan, hilketa horiek gerarazteko ahalegin handiak egin zituzten; agintari frankisten aldetik, berriz, aurkariak eta balizko aurkariak hiltzea beren gobernua sendotzeko erabilitako estrategia izan zen.[1] Gerraren ondoren, Francisco Franco jeneralak bereganatu zituen estatuko aginpide guztiak, Caudillo titulua hartuta.

Gerra hark Hego Euskal Herria ere zatitu zuen. Alde batetik, eusko abertzaleak eta ezkerreko alderdiak errepublikaren alde agertu ziren. Bestetik, Alderdi Karlistak, Euskal Herriko zenbait gunetan oso indartsua zenak, eskuindarren alde jo eta berehala Nafarroa eta [[Araba] gehiena eskuindarren ondoan lerrokatu ziren. Bizkaian, Gipuzkoan eta Arabako zati txiki batean, EAJk gidatuta, Eusko Jaurlaritza eratu zen. Urtebete geroago, Mola jeneralaren indarrek militarki okupatu zuten Hegoalde osoa. Euskal Herrian, gerra hartako gertaera ezagunena Gernikako bonbardaketa izan zen. Gernika foruen ikur garrantzitsua izateak eta Picassoren Gernika margolanak eman diote ospea bonbardaketa hari.

Gerraren ondoren Bizkaia eta Gipuzkoa "probintzia traidoreak" (provincias traidoras) izendatu zituen Francok eta ordu arte izan zuten ekonomia ituna kendu zien, Arabak eta Nafarroak, ordea, atxiki egin zuten.

Aurrekariak

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Bigarren Errepublika»
1931ko Konstituzioaren azala.

1931n Espainia Errepublika bihurtu zen. Errepublika aldarrikatu zuen lehendabiziko udalerria Eibar izan zen, 1931ko apirilaren 13an[2]. Laster, Konstituzioa onartu zen, eskuinaldeko alderdien gustukoa ez zena.

Espainian gizarte-asaldura garai hartako ezaugarri nabarmena izan zen. Ezkerreko alderdiek Elizaren aurka azaldutako jarrerak eskuineko alderdiak mindu egin zituen. Gainera, eskuindarrek beren gizarte estatusa kolokan ikusi zuten, ezker iraultzaileen eragina zela eta. 1932ko irailaren 9an Kataluniak bere autonomia-estatutua lortu zuen. Hego Euskal Herriak, berriz, ez zuen lortu halako estatusik.

1936ko otsailaren 16an, hauteskundeak egin ziren eta Fronte Popularra, ezkerreko alderdiek (tartean Eusko Abertzale Ekintza) osatutako koalizioa nagusitu zen[3]. Horren ostean, Emilio Mola jeneralak egitasmo zehatz bat prestatu zuen gobernuaz jabetzeko, eta Fronte Popularraren eskuinaldera zeuden talde guztiak, Euzko Alderdi Jeltzalea izan ezik, bildu zituen bere inguruan. Konspirazioaren buru José Sanjurjo jenerala izatekoa zen, Portugalen erbesteratua zegoena. Molaren egitasmoak armada buruzagitzako gehienak zituen aldeko, brigadako jeneral gutxi batzuk, dibisioko jeneral asko, eta ofizial ugari. Konspirazioaren helburua gobernua botatzea baino ez zen hasieran, eta mezu politiko zehatzik ez zuen, haren alde ahalik eta indar gehienak biltzearren. Alabaina, Manuel Goded jenerala izan ezik, armadako beste buruzagiak eta polizia buruak edo zalantzan egon ziren edo errepublikaren alde iraun zuten.

Other Languages
беларуская (тарашкевіца)‎: Грамадзянская вайна ў Гішпаніі
brezhoneg: Brezel Spagn
français: Guerre d'Espagne
Fiji Hindi: Spanish Civil War
Bahasa Indonesia: Perang Saudara Spanyol
한국어: 스페인 내전
Lëtzebuergesch: Spuenesche Biergerkrich
Plattdüütsch: Spaansche Börgerkrieg
नेपाल भाषा: स्पेनी गृहयुद्ध
srpskohrvatski / српскохрватски: Španski građanski rat
Simple English: Spanish Civil War
Bân-lâm-gú: Se-pan-gâ Lōe-chiàn