Erromatar mitologia

Erromatar mitologia Antzinako Erromako sinesmen mitologikoen multzoa da,eta beraz, garai hartako erlijio ofiziala. Bi garaitan bana daiteke:

  • Lehengo garaia: gurtzarekin lotuagoa zegoen eta Erromako historiaren lehenengo urteetan sortu zen. Greziako eta Etruriako tradizioetatik bereizten zen.
  • Bigarren garaia: oso berantiarra izan zen. Literaturatik sortua, Greziako eta Etruriako mitologietatik elementu ugari hartu zituen.

Erromako lehen mitoen jatorria

Askotan aipatu da erromatarrak, greziarren aldean, ez direla batere mitologia zaleak. Egia da, esaterako, Jainko erromatorrak izena eta funtzio argiak duten elementu hutsak direla, kontakizun edo historiarik gabeak. Hala ere, erromatarrek bazuten:

  • Erritu sistema bat eta ondo zehaztutako apaiz hierarkia bat.
  • Hiriaren sorrera eta garapenaren inguruko kondaira historikoen multzo aberats bat. Kondaira horien protagonistak gizakiak ziren arren, jainkoek ere parte hartzen zuten.

Jainkoen lehen mitologia

Eredu erromatarrak, grekoarekin konparatuz, jainko kontzeptua definitzeko modu ezberdina izan zuen. Adibidez, antzinako greziar bati Demeter nor zen galdetuko bagenio, segur aski Hadesek Persefone alaba bahitu zionean izandako atsekabearen kondaira ezaguna kontatuko liguke; antzinako erromatar batek, aldiz, erantzungo luke Zeres-ek flamen deituriko apaiz ofizial bat zuela eta Jupiter, Marte eta Quirinoren flamenak baino gazteagoa izanik, Flora eta Pomonaren flamenak baino zaharragoa zela. Gainera, beste bi landa-jainkorekin (Libero eta Libera) hirukote bat osatzen zuela esango liguke. Eta baita jainkosari laguntzen zioten bigarren mailako beste jainkoak beren funzio zehatzekin zerrendatu ere: Sarritor (jorratzailea), Messor (uzta-biltzailea), Convector (gurdizaina), Conditor (biltegizaina), Insitor (ereilea), etab. Honela, antzinako mitologia erromatarra, jainkoei dagokienez, ez zegoen istorioez soilik osaturik, baina baita jainkoen eta gizakien arteko erlazio konplexuez ere, bai gizakien munduan, bai jainkoenean.

Antzinako erromatarren jatorrizko erlijioa aldatu egin zen Greziako mitologiaren sinesmen ugariak eta korapilatsuak bereganatu zituenean historian zehar. Antzinako erromatarren erlijioari buruz dakigun apurra ez dugu garaiko iturriei esker ezagutzen, baizik eta antzinako tradizioen galera saihestu nahi izan zuten geroagoko idazleei esker, besteak beste, K. a. I. mendeko Marko Terentzio Varron jakituna. Beste idazle klasiko batzuek, adibidez Ovidio poetak bere Fasti izeneko lanetan, eredu helenistikoen eragin handia izan zuten eta beren lanetan Greziako mitoak erabili zituzten askotan tradizio erromatarraren hutsuneak betetzeko.

Erromako historiari buruzko lehen mitologia

Jainkoei buruz iritsi zaigun informazio urriarekin konparatuz, erromatarrek beren hiriaren sorrera eta garapenaren lehen faseen inguruko kondaira ia historiko asko zituzten. Lehenengo erregeen jatorriak, Romulo eta Remorenak adibidez, guztiz mitikoak ziren eta era honetako kondairak lehenengo Errepublikaren garairaino ere iristen dira. Berez gehienbat bertakoak ziren tradizio hauetaz gain, Greziako kondaira heroikoetatik ateratako materiala ere bazegoen antzinako garaietatik; adibidez, Eneas Romulo eta Remoren arbaso bihurtu zuten. Eneida eta Livioren lehen liburuak giza mitologia honetako iturri hoberenak dira.

Other Languages
azərbaycanca: Roma mifologiyası
беларуская: Рымская міфалогія
Esperanto: Romia mitologio
Kreyòl ayisyen: Mitoloji women
interlingua: Mythologia roman
Bahasa Indonesia: Mitologi Romawi
日本語: ローマ神話
Basa Jawa: Mitologi Romawi
한국어: 로마 신화
Lëtzebuergesch: Réimesch Mythologie
македонски: Римска митологија
Bahasa Melayu: Mitologi Rom
norsk nynorsk: Romersk mytologi
português: Mitologia romana
srpskohrvatski / српскохрватски: Rimska mitologija
Simple English: Roman mythology
slovenčina: Rímska mytológia
slovenščina: Rimska mitologija
српски / srpski: Римска религија
Türkçe: Roma mitolojisi
українська: Римська міфологія
Tiếng Việt: Thần thoại La Mã
中文: 罗马神话
粵語: 羅馬神話