Ekologismo

Energia nuklearraren aurkako blokeo-protesta ekologista bat, Alemanian. 1990

Ekologismoa, mugimendu ekologista edo mugimendu berdea ingurumena babestearen aldeko ideologia eta praktika politiko anitzen multzoa da, kutsaduraz, espezieen iraungipenaz, janari transgenikoaz, gune naturalen suntsitzeaz, eta gizakia eta natura batera erasotzen dituzten bestelako ingurumen arazoez arduratzen dena. Mugimendu ekologistaren jarraitzaileei ekologista deritze. Bi joera bereizten dira ekologismoan: ekologia politikoan, ingurumen-arazoen oinarrian egitura soziopolitiko bat dagoela baieztatzen da, eta arazo horiek gainditzeko politika eta ekonomia sistema berriak behar direla nabarmentzen; beste batzuek, ordea, ez dute horrela kritikarik egiten, eta, politika-gaietan sartu gabe, kontserbazionismo, ingurumenaren administrazio edo nola edo halako konponbiderako beste jardueretan aritzen dira soilik, ingurumen-arazoen azken funtsa planteatu gabe. Bi mutur horien artean, tarteko ikuspuntuak dituzten ekologistak daude. Ekologismoa ideologia bat izateaz haraindi, norberaren eguneroko bizimodua baldintzatu behar duen praktika multzotzat ere jotzen da, kontsumismoaren aurka, bere komunitatearekin elkartasunean, naturarekiko gizabanakoen arteko harreman berriak sortuz. Praktika hauek orokorrak ez badira ere, ekologismoa lelo moduan gizartean txertatu da eta horrela, XX. mendearen bukaeran europar eta ipar amerikar gehienek ekologistatzat jotzen zuten euren burua.

Ekologismoa XIX. mendean abiatu zen, Industria Iraultzak eta Ipar Amerikako lurraldeen ustiapenak berehala ekarri zituzten ingurumen arazoek bultzaturik. Baina hastapen haietan kontserbazionismoaren ikuspuntutik baino ez zen garatu, irtenbidetzat parke naturalen eta antzeko guneen sorrera bultzatzera mugatuta. 1960ko hamarkadan, berriz, ekologisten iritziz gizateriaren ongizate eta existentzia bera kolokan jartzen dituen hondamendi ekologikoaren mehatxuaren aurrean, ekologismoak kontsumo-gizartearen aurka jo zuen, gizarte mugimendu zabala sortuz. XX. mendearen amaieran, alderdi politiko ekologista edo alderdi berde anitz sortu ziren, gizarte-mugimendu gisa ere jarraituz.

Egun, gizarte aurreratuetan, kontzientzia ekologista nabarmen zabaldu da gizarteko sektore eta talde guztietara, indarrean den gizarte- eta ekonomia-sistemaren barnean betiere garapen iraunkorraren kontzeptua garatuz, besteak beste. Euskal Herrian, borroka ekologistaren mugarri garrantzitsua izan zen Lemoizko zentral nuklearraren aurkakoa, zentrala geldiaraztea lortu zuena. Egun, ekologismotik betiere, Abiadura Handiko Trenaren aurkako gizarte-mugimendu zabalak dihardu borrokan.

Other Languages
Alemannisch: Umweltschutz
العربية: حماية البيئة
asturianu: Ambientalismu
azərbaycanca: Envayromentalizm
भोजपुरी: पर्यावरणवाद
català: Ecologisme
Deutsch: Ökologismus
Esperanto: Naturprotektismo
español: Ecologismo
français: Écologisme
Frysk: Ekologisme
galego: Ecoloxismo
עברית: סביבתנות
interlingua: Ecologismo
italiano: Ambientalismo
日本語: 環境主義
한국어: 환경주의
Latina: Oecologismus
Lingua Franca Nova: Ambientisme
Nederlands: Ecologisme
occitan: Ecologisme
português: Ecologismo
română: Ecologism
srpskohrvatski / српскохрватски: Ekološka svest
Simple English: Environmentalism
slovenčina: Environmentalizmus
српски / srpski: Енвиронментализам
svenska: Ekologism
தமிழ்: சூழலியம்
Türkçe: Çevrecilik