Edurnezuri

Edurnezuri eta amaordea, XIX. mende amaieran Heinrich Leutemann edo Carl Offterdinger-ek eginiko ilustrazioa.

Edurnezuri (alemanez: Schneewittchen; frantsesez: Blanche-Neige; ingelesez: Snow White; gaztelaniaz: Blancanieves) izenburu bera duen maitagarri-ipuineko protagonista nagusia da. Ahozko tradizioan sortutako kontakizuna bada ere, mundu osoan hedatu den bertsioa Grimm anaiena izan da. Jacob eta Wilhelm anaiek 1812an jaso zuten Berlinen, Kinder-und Hausmärchen izenburua daraman liburuan. Bertsio horretatik abiatuz, asko izan dira egin diren egokitzapenak.

Grimm anaien bertsioa[1]

Hassenplug familiak Grimm anaiei kontatutako istorioan, Edurnezuriren ama hil ondoren, aitak emakume eder bezain zital batekin ezkontzeko erabakia hartzen du. Honek, neskatoa hiltzeko agindua ematen du, gazteluan duen ispilu magikoak, bera baino ederragoa dela esaten diolako. Baina, hil behar duen ehiztariak, errukiturik, ihes egiten uzten dio. Gordeleku baten bila dabilela, zazpi ipotxen etxearekin egiten du topo eta hauek babestuko dutela esaten diote; baina, amaordeak, bere ispilu magikoari esker, laster du gertatutakoaren berri eta Edurnezuri berak hiltzea erabakitzen du. Agure saltzaile baten gisan janzten da eta gerruntzea lotzeko lazoak saltzen dizkio neskatoari. Honek, etxera sartzeko baimena ematen dio eta lazoak lotzeko aitzakiaz baliatuz, Edurnezuri itotzen saiatzen da. Baina, ipotxak etxera heldu eta gertatutakoa ikusten dutenean, lazoak lasaitu egiten dizkiote eta neskatoa bere onera itzultzen da.


Amaordeak, berriro ere galdetzen dio ispiluari munduko emakumerik ederrena zein den orduan eta honek Edurnezuri dela erantzutean gertatutakoaz jabetzen da. Orduan, berriro ere, agure saltzaile baten gisa mozorrotu eta neskatoa engainatuz, orrazi pozoitsua sartzen dio buruan. Gaztelura bueltatzean, erreginak galdera errepikatzen dio ispiluari, baina honek berriro ere Edurnezuri dela esaten dio. Hau ikusita, erreginak pozoitutako sagar bat prestatu eta ipotxen etxera abiatzen da. Bertan, Edurnezurik sagarrari hozkada bat ematean zerraldo erortzen da. Ipotxek neskatoa kristalezko kutxa batean sartzen dute eta handik pasatzen den printzeak ikusten duenean, maitemindu egiten da. Printzeari ematen diote Edurnezuriren gorpua eta honen mirabeek gaztelura eramateko altxatzen dutenean, estropezu egiten dute eta neskatoak eztarrian daukan sagar zatia atera eta berpiztu egiten da.

Bukatzeko, Edurnezuri eta printzea ezkondu egiten dira eta amaordea gonbidatzen dute ezteietara. Bertan, egindako gaiztakeria guztien ordainez, zigortu egiten dute hil arte sutan berotutako burdinez eginiko zapata batzuk jantzita dantzatzera. 

Edurnezuri kristalezko kutxan ipotxez inguraturik. Marianne Stokesen ilustrazioa, 1880-1900 bitartean.

Grimm anaiek jasotako ipuinean, ipuin klasikoetan gertatu ohi den bezala, ez da Edurnezuriren pertsonaiaren inguruko deskribapen handirik egiten. Badirudi, jatorrizko bertsioan, erreginak elurra bezain zuria, odola bezain gorria eta ebano egurra bezain beltzarana den alaba izateko nahia adierazten duela. Ondoren, ezaugarri horiek betetzen dituen neskatoa jaio dela adierazten denez, Edurnezuri, horrelako ezaugarri fisikoekin irudikatua izan da beti, hots, azal zuriko, masail gorriko eta ile beltzeko emakume gisa.

Bere izaerari dagokionez, ez da deskribapen sakonik egiten. Hala ere, bere jokaera kontutan izanda hainbat ezaugarri esleitu zaizkio[2]:

  • Xalotasuna edo inozentzia: amaordeak hiru alditan engainatzen du Edurnezuri. Lehenengo, gerruntze baten lokarria estutuz hiltzen saiatzen da. Bigarrenean, orrazi pozoitsua sartzen dio buruan. Azkenean, sagar pozoitsuaz engainatzen du. Hiru aldiz erortzen da emakumeak prestatutako trikimailuetan, nahiz eta ipotxek etxean gelditu eta inorekin ez hitz egiteko aholkua eman. Neskatoa inuzentea dela esan daiteke, ez baitu arriskua aurreikusten.
  • Menpekotasuna: Edurnezurik ez du du era autonomoan jokatzeko gaitasunik, beti norbaiten menpe egon behar du. Etxeko babesetik ihes egiten duenean, ipotxen laguntza bilatzen du.  
  • Dotorea: neskato liraina izateko baliagarriak diren elementuekin tentatzen du amaordeak: gerruntzea eta orrazia. Hauek onartzen dituenean, zigorra jasotzen du: amaordea bera hiltzen saiatzen da. Hemen, garai hartan ipuinak izan zezakeen helburu moralizatzailea ikus daiteke: pinpirina izateko nahiak galbidera eraman dezake emakumea[2]

Basileren bertsioa

Grimm anaiek jasotako bertsioaren aurretik, Giambattista Basilek  Pentamerone liburuan idatzi zuen  Mirabe gaztea kontakizunean, Edurnezuriren istorioaren lehenengo aztarnak aurki daitezke[3].  Kontakizun honetan, Lilla, Oihan Beltzean bizi den baroiaren arreba haurdun gelditzen da sasiarrosa baten hostoa jateagatik. Haurra jaiotzean, Lillak maitagarriei deitzen die umeari dohain bereziak eman diezaioten. Baina, horretan daudela, maitagarria batek estropezu egin eta madarikazio bat jaurtitzen du: Haurrak zazpi urte betetzen dituenean, amak orrazi bat sartzen dio buruan eta hil egingo da. Profezia bete egin da eta neskatoaren gorpua kristalezko hilkutxa batean sartuko dute. Alabari gertatutakoaren ondorioz, Lilla gaixotu egiten da eta hil zorian dagoela, bere nebari eskatzen dio alabaren gorpua dagoen bezala uzteko eta ez dezala inork zabaldu bere gelako atea.

Urte batzuen buruan, baroia ehizara doan egun batean, emazteak debekatutako gelako atea zabaltzen du. Orduan, Lisaren gorpua aurkitzen du eta jeloskor jartzen da, lotan dagoen emakume ederraren irudia ikustean– Lisa urteak joan ahala hazi egin baita, nahiz eta ustez hilik egon–. Horregatik, hura kutxatik atera eta hiltzea deliberatzen du, baina neska burutik hartzean orrazia erori eta Lisa esnatu egiten da. Baroiari gertatutakoa ezkutatzeko asmoz, emazteak mirabe lanak egitera behartzen du neskatoa.

Egun batean, baroia azokara joateko prestatzen ari dela, gazteluko biztanle guztiei galdetzen die oparirik nahi duten. Emaztea gelarazten saiatzen den arren, Lisak, panpina, harria eta labana eskatzen dizkio opari gisa.

Baroia bueltatzean, Lisak opariak jasotzen ditu. Labanaz, panpinaren sabela zulatu eta harria sartzen dio barruan. Orduan, panpina hizketan hasten da eta neskatoak bere istorioa kontatzen dio. Une horretan, baroia neskatoa zelatatzen ari da eta guztia entzutean, haurra bere iloba dela ulertzen du. Orduan, baroiak emaztea gaztelutik kanporatzen du eta Lisari berak hautatutako mutilarekin ezkontzeko baimena ematen dio.

Istorio honetako pertsonaiaren izaerari dagokionez, esan daiteke, nahiz eta baroiaren emazteari aurre egiteko gai ez den, bere burua askatzeko gauza dela. Beraz, Grimm anaien bertsioan agertzen diren hiru ezaugarri nagusiak – xalotasuna, menpekotasuna, irtirina– ez dira errepikatzen kontakizun  honetan. Hala ere, badaude bi istorioetan parekoak diren elementuak: orrazia eta kristalezko kutxa, adibidez.

Other Languages
aragonés: Blancanieu
العربية: بياض الثلج
অসমীয়া: স্ন' হোৱাইট
asturianu: Blancanieves
беларуская (тарашкевіца)‎: Беласьнежка
български: Снежанка
brezhoneg: Gwennerc'h
нохчийн: КӀайн ло
čeština: Sněhurka
dansk: Snehvide
English: Snow White
Esperanto: Neĝblankulino
español: Blancanieves
فارسی: سفیدبرفی
suomi: Lumikki
français: Blanche-Neige
Frysk: Sniewytsje
galego: Brancaneves
magyar: Hófehérke
Bahasa Indonesia: Putih Salju
íslenska: Mjallhvít
italiano: Biancaneve
日本語: 白雪姫
ქართული: ფიფქია
한국어: 백설 공주
Latina: Albanix
latviešu: Sniegbaltīte
Malagasy: Blanche-Neige
македонски: Снежана (бајка)
Bahasa Melayu: Puteri Salji
Nederlands: Sneeuwwitje
norsk nynorsk: Snøkvit
português: Branca de Neve
русский: Белоснежка
Scots: Snaw White
srpskohrvatski / српскохрватски: Schneewittchen (bajka)
Simple English: Snow White
српски / srpski: Снежана (бајка)
svenska: Snövit
Tagalog: Snow White
українська: Білосніжка
Winaray: Snow White
中文: 白雪公主
文言: 雪霙
Bân-lâm-gú: Pe̍h-soat
粵語: 白雪公主